Gure eskola txikiaren istorioa

Garai batean Abaltzisketan bazen eskola, baina 1975. urtean itxi egin zen.

1999ko irailean (99/00 ikasturtean) Abaltzisketako herriak berriro herriko haurren algarak entzuteko aukera izan zuen. Amezketako Zumadi Eskolaren ikasgela bat bezala ireki zen, haur hezkuntza mailakoa:

  • 2000/2001 ikasturtean beste lau ikasle gehitu ziren.
  • 2001/2002 ikasturtean berriz beste hiru haur eskolaratu ziren eta jangela zerbitzua eskaintzen hasi zen. Baina urte honetan Amezketara jeitsi behar izan zuten lehenengo mailako ikasketak burutzera.

Guraso eta batipat udalaren lanaren ondorioz, 2002/2003 ikasturtetik aurrera lehenengo mailako haurrek herrian bertan ikasten gelditzeko aukera lortu zen.

2003/2004 ko ikasturtean oraindik Amezketako Zumadi Eskolaren zati bat bezala izaten jarraitzen zuen 16 ikaslerekin eta bi Irakasleen ardurapean. Baina ikasturte honetan jakin zen hurrengo ikasturtean Abaltzisketak herri eskola berri bat izango zuela, hau da, 30 urte ondoren berriro Abaltzisketan herriko eskola irekiko zela. Benetan albiste zoragarria izan zen hau. Ikusia dago lan askoren poderioz eta guztion konpromezuarekin gauzak lortzen direla.

Beraz, 2004/2005 ikasturtean Abaltzisketako herriak “TXALBURU ESKOLA” izeneko eskola txiki bat lortu zuen. Haur Hezkuntza osoa eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. maila izango zituen, oraindik ez genuen Lehen Hezkuntza osoa. Hori aurrerago iritsiko zen.

2006. ko abenduaren 22 an, Abaltzisketako eskolako guraso, ikasle eta irakasleak Santo Tomás feria ospatzen ari ginen bitartean, eskolako gurasoen ordezkari bat, eskolako zuzendaria eta herriko alkatea, Donostian bilera garrantzitsu batean bilduak ziren. Ezin ahaztu bileratik bueltan agertu ziren une hura; Santo Tomás feriaren ospakizunari errematerik borobilena emateko berri zoragarri batekin agertu zitzaizkigun: TXALBURU ESKOLAK LEHEN HEZKUNTZA osoa, hau da; 6. mailararte, izateko baimena jaso zuen.

Beraz, orduz gero Abaltzisketan Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza osoak ditugu.

Txalburu eskola sortu zen unetik hona beraz, bide luzea jorratu behar izan dugu. Bide  honetan, gauza asko lortu ditugu eta gaur egun harro sentitu gaitezke daukagun guztiarengatik. Baina esan ohi den bezala, beti dago zer hobetua eta zer egina.

Txalburu eskola berriaren inaugurazioa

2.006 ko abenduan San Tomas eguna ospatzen ari ginela jaso genuen albistea Abaltzisketan 6. maila bitarte izango genituela gure haurrak ikasten eta bertako txokoak ezagutu eta gozatzeko aukera gehiago izango zutela.

Ordura bitarte ikasleak hiru geletan banaturik zeuden:

  • Txikiek: 9 haur, 2,3 eta 4 urtekoak → kultur etxeko gelan.
  • Ertainek: 8 haur, 5,6 eta 7 urtekoak → baita kultur etxeko beste gela batetan.
  • Handienak: 9 haur 8,9 eta 10 urtekoak → udaletxeko gela batetan.
  • Hurrengo kurtsoan hasteko beste 6 haur berri zeuden aurreikusita.

Eskola, Udala eta Gurasoak, pentsatzen eta aztertzen hasiak ziren ia denik nola moldatu eta egokitu Abaltzisketako haurrak 6. maila bitarte bertan egoteko ahal den egoera onenean.

Pentsamendu eta buelta askoren ondoren garai batean ere eskola izandako (Eskoletxe izenez herrian ezagutzen dena) etxea aztertzen hasi ziren. Garai batean ere eskola izandako etxea (orain ikasle diren guraso batzuek bertan ikasten ibilitakoak) azken denboraldian aterpetxe bezala funtzionatzen egon zena orain zerbitzurik ematen ez zuela zegoen.

Eskola bezala berriro irekitzeko moldaketa batzuek egin beharra zeuden baina Eskola, Hezkuntza eta Udalak moldaketa horiek aztertu eta onartutzat eman ondoren Txalburu Eskola bertan finkatzea erabaki zen.

Udalak hartu zuen gain bertako obren gastu guztia. Irakasle, Ikasle eta Gurasoek ere lan ugari egin behar izan zuten, lehen eskola zegoen lekutik beste leku berri batetara mugitu behar bai ziren tresna eta material ugari.

Hala eta guztiz ere, guztiak atsegin handiz parte hartu genuen ahal genuen moduan gure haurrek Abaltzisketan 6. maila bitarte egongo direlako eta gainera denak leku edo etxebizitza berberean eta ez leku desberdinetan banaturik.

07/08 kurtsoan hasiko ziren bertan lanean baina 06/07 kurtso bukaerarako guztia prestaturik eta amaiturik utzi nahi genuen. Txalburu Eskola berriaren inaugurazioa ere maiatzak 26 larunbatez egin zen. Maiatzean egitea erabaki zen batik bat Udalaren aldaketa egongo zelako ekainean eta ordura bitarte Udalean egon ziren alkate eta zinegotziak zirelako proiektu honetan lan egin zutenak guztia aurrera ateratzeko.

Beraz maiatzaren 26a larunbatez Txalburu Eskola berriaren inaugurazioa ospatu zen. Eguraldi goibela izan genuen baina festa giroa ez zuen okertu. Bertara jende ugari hurbildu zen: herriko jendea, Udaleko alkate eta zinegotziak, Irakasle, Ikasle, Guraso eta Hezkuntzaren ordezkaritza bezala Karmen Arberas eta Arantxa Laka etorri ziren. Jaiari hasera emateko eskolako ikasle zaharrenak ( Imanol, Ane eta Urkok) agurra dantzatu zuten. Ondoren 8, 9 eta 10 urteko ikasleak ( Imanol, Ane, Urko, Aitor, Alaitz, Mikel, Amaia, Elixabet eta Belenek) Alpargata dantza dantzatu zuten eta jarraian Eskolako gurasoak ateratako bi abesti abestu genituen.

Eskola berria ikusi ondoren Euskaldunen usarioari jarraituz hamaiketako batez jarraitu genuen ospatzen trikitilarien laguntzarekin.

No Comments

Post a Comment